
Argazki guztien egilea Aitor Arregi "Txisto" andoaindarra da, 1994an hil zena. Txistok 1983an Andoainen lehenengo kontzertuak egiten hasi zirenetik hil zen arte argazkiak egiteari ekin zion buru-belarri zaletasun moduan.
Hala, 80ko hamarkada bukaeran Txistok berak eta Xanti Manterolak argazkiz osatutako "Scrapbook" fantzinea kaleratu zuten, aspaldi agortuta dagoena.
Orain, baina, Manterolak, gaztetxeko kideek eta beste batzuk ia 4.000 argazkiz osatutako bilduma kostata bildu eta eskaneatu egin dituzte, liburu eta DVDan batzeko.
Andoaingo gaztetxea aitzindaria izan zen (Azkoitia, Lekeitio, Arrasate eta Oñatikoarekin batera) kontzertuak antolatzen; eta bertatik Euskal Herriko 80ko hamarkadako talde esanguratsuenez gain, atzerriko punk eta hardcore talde oso garrantzitsuak pasa ziren. Horiek guztiak batuta daude bi lan hauetan: Bap!, Kortatu, RIP, Hertzainak, Jingo De Lunch, Subterranean Kids, Lärm, MDC, Kina, Negazione eta beste asko eta asko.
Liburua eskuratzeko, Arrasaten DAT eta Iluntz tabernetan eros dezakezu (DVDarekin batera) 13 eurotan. Bestela, Andoaingo gaztetxekoekin edo Musica Autonomoa dendakoekin harremanetan jar zaitezke.


Idatzi artikulu bat