Where the sun abesti itsaskorrarekin hasi zuten emanaldia iluntze freskoa gori-gori jarriz. Abeslariaren ahots urratu baina era berean erakargarri eta goxoak, berehala bereganatu zituen bertaratutakoak. Ordu betez, Amerika hegoaldeko mundu zirraragarrira eta True Blood saio bikaineko protagonistak izatera eraman gintuzten Arizona Baby taldeko mutilek.
Eszenaratze bikaina
Erakargarritasuna, taula gainean dute Pucelakoek, eta ikusleekin feed back
bikaina lortzen maisuak dira. Javi abeslaria oso gustura eta berriro
Arrasatera etorriko direla aginduta, pozik azaldu zen jasotako
erantzunarekin. "Ondarroako Tunnel 483 taldeari esker harreman oso
polita daukagu Euskal Herriarekin. Egia esan ez genuen horrelako
harrera bikaina espero eta gustura aritu gara. Lekuaren akustikoa ere
paregabea da".
Ez zaie estilo bakar batean kokatzea gustatzen, baina
Soundgarden edota Johnny Cash bezalako artista handien influentzia
ukatu ezina da. "Gure lana bi hitzetan deskribatzea ez zaigu gustatzen,
nortasun propioa izatea da nahi duguna; baina, talde eta testuinguru
alternatiboen eragina nabarmena da gure lanean, ezkuta ezina".
Second to none bigarren lana aurkeztu zuten barikuan, baina, Songs to sing along lehen diskoko abestiak entzuteko aukera aparta izan zen. Shiralee edota Runawayren
erritmoz ikuslea dantzan jarri zuten. Teknikoki perfekzioa bilatzen
dute baina izpiritu bihurria azaleratzea ezin dute ezkutatu. "Oso
teknikoak gara baina izpiritu punkia daukagu eszenatokian.
Zuzenekoak maite ditugu eta dinamika bat oinarri, transmititzea da gure
helburua". Arizonako mutilek existentzialismoa, gizakiaren fobia eta
maitasunaz hitz egiten dute. "Abestia entzuten duen edonor
identifikatuta sentitzea da gure ustez musikak daukan aspektu
politenetako bat".
Devendra Banhart Kitch handia etengabe gogorarazten duen frontmanari
galdetuta, barre egiten du eta beretzako hori entzutea lore bat dela
aitortzen digu. "Devendra nire idoloa da, ikono bat da John Lenonenkin
batera".
Lan berria prestatzen
Arizona Baby taldeko mutilek 2005ean kaleratu zuten Songs to sing along lehen lana. Diskoaren banaketa taldekideek egin zuten kontzertuetan. Hala, dagoeneko katalogotik kenduta dago eta ezinezkoa da lortzea. Horregatik, berriro editatu eta salgai jartzea da taldekideen helburua. Hori bai, lan berri bat kaleratzeko lanari ere ekingo diote. "Abestiak egiten hasiko gara eta konponketa gehiago izango duela aurreratu dezaket". Coen anaien jarraitzaile sutsuak Arrasatera itzuliko direla agindu digute. Orain, Arizona eta Mexikora joango dira lan berrirako inspirazio bila. Nahi duzuenera arte Arizona!


Idatzi artikulu bat