
Etxean bertan bezala, Gorka Arizmendiarrieta Matx bakarlariarentzako jaso zuten oihala lehenik. Malatu jazz taldeko gitarra jolea izan zuen aldamenean Matxek eta ezin hobeto ireki zuten gaua. Pop abesti zuzen eta argitsuekin osatu zuen elgetarrak sorta eta amaierarako Izas abeslariaren konpainia bikaina aukeratu zuen.
Oñatiarrak joan ziren bigarren eta gaueko lehen ezustekoa izan zen haiena. Aurreko Danbakan ere izan genituen eta bi urte hauetan ez direla gora begira ibili ikusi zen. Soinu zuzenagoarekin, landuagoarekin, xarma handiagorekin eta estilo finagoarekin, egubakoitzeko emanaldiarekin Danbakako kinieletan oso gora egitea lortu zuten ziurrenik. Asko hobetu dute eta ez ziren batere makal aritu. Popa gogor dabilkigu astintzen ibarrean eta Malenkoniakoek makila kirtenetik daramate.
Bigarren ezustekoa Belcebluesekoena izan zen, teknikoki goi mailako emankizuna izan zen; akatsik gabea eta musikariek maisuki eragin zieten instrumentuei. Bergarako hauek zaletu huts izatetik nahiko urrun daudela ematen du.
Eta Danbakaren emanaldiarekin amaitzeko, Bergaratik irten barik, gaueko emanaldirik bortitzena metalaren barruberik ilunenetatik Aby-Kemekoekin. Txikitu egin zituzten Espaloiko bozgorailuak eta hain talde gaztea izateko tontakerietarako gogo gutxi dutela frogatu zuten. Zuzeneko ikaragarria duen taldea da, gogor astintzen dakiena eta zer nahi duten argi erakutsi zuten. Buruak astintzera, hortaz.
Fitxa teknikoa
• Jende kopurua
200 bat lagun. Talde bakoitzak bere jarraitzaileak eroan zituen lehen ilarak animatzeko.
• Argia eta soinua
Soinua, 6.000 watt; argia, 60.000 watt. Aurrekoan baino argiztapen txukunagoa izan zuen egubakoitzeko jaialdiak.
• Gorabeherak
Entzuleen jarrera ona izan zen eta blues eta metal zale asko zeudela argi geratu zen ikusitako "buru-mugimenduarekin".
Idatzi artikulu bat