Berri Txarrak taldeak asteburu honetan bukatuko du "Jaio.Musika.Hil" bira. Bira horrekin 25 hilabete egin ditu errepidean Lekunberriko hirukoteak (tartean, Asiako hainbat hiritan ere izan dira).

Eguenean, egubakoitzean eta zapatuan egingo dituzte kontzertuak: lehenengo biak Gernikako Astra gaztetxean egingo dituzte; eta azkena, Sant Feliu de Codinesen, Katalunian.
Eguenekoa oso berezia izango da, Durangoko Azokarako kaleratuko duten "Zertarako amestu" DVDrako Gernikan eman beharreko kontzertua grabatuko dutelako. Horregatik, sarrera 300 lagunendako mugatu dute. Sarrerak eskuratu gura dituztenek bi bide dituzte: Berri Txarrak taldeari zuzenean eskatu (astraberexi@berritxarrak.net) edo Gernikako gaztetxearen bidez eskuratu. Sarrerak 5 eurotan daude salgai, eta sarrera dutenak 18:00etan egon beharko dira Astra gaztetxean, zuzendariaren azalpenak entzuteko. Emanaldia, berriz, 19:00etan izango da.
Horrez gain, egubakoitzean ere kontzertua egingo dute gaztetxe berean, baina ez dute grabatuko eta ez dute sarrera hainbeste mugatuko. Egun horretan Akatu talde iruindarra izango dute agertokian lagun.

Idatzi artikulu bat