
Diskoetxe horren helburua da autogestioa bultzatzea eta erakustea ilusioarekin eta oso diru gutxirekin halako proiekuak egin daitezkeela. Hain zuzen ere, produktu bakoitzetik jasotako diruarekin hurrengoak finantzatuko dituzte. Kuraia eta Señor No taldeko kideak ez daude proiektuaren atzean, baina babesa emateko esku hartu dute aurkezpenean.
Bi Batean izenaren haritik, helburuetako bat da euren artean zelanbaiteko lotura duten bi musika talde harremanetan jartzea eta elkarri bertsioneatuz kantak kaleratzea. Hala ere, bultzatzaileak zabalik daude bestelako lanak kaleratzera; beti ere, autogestioarekin lotuta badaude. Hori bai, musika komertziala alde batera uzten dute, rocka da euren esparrua, eta binilozko lanak kaleratuko dituzte.

Lehenengo erreferentzia, Señor No donostiarren eta The Capaces kataluniarrek erdibana kaleratutako singela, kalean dago dagoeneko. Donostiarrek kataluniarren "Rise again" eta "Dejate" ineditoa grabatu dute; eta kataluniarrek Señor Noren "No me hables" eta "Tiembla" ineditoa grabatu dituzte.
Hurrengo erreferentzia fabrikan dago dagoeneko. The Capaces talde kataluniarraren "The restless breed" mini-LPa. Alemaniako diskoetxe batek Europan banatuko du lana; Sonic Reducer etxeak Katalunian, eta Bi Batean-ek Euskal Herrian.
Hirugarren erreferentzia oraindik ez dago bukatuta. Obligaciones talde gasteiztarrak EPa grabatzen dihardu Helldorado aretoan. 77ko bi punk talderen bertsioak (Satan´s Rats eta The Outsiders) eta bi inedito izango dira.
Bi Batean-ekin harremanetan jartzeko: bibateandiskak@gmail.com
Idatzi artikulu bat