Matx - Elgeta

Adituak esana /
Gregorio Galvez, irrati esataria
"Kantautoreek atentzio larregi ematen ez badidate ere, oso ona iruditu zait. Nortasuna duela iruditu zait eta gitarra jole bikain baten laguntza izan du eta bukaeran igo den neskaren ahotsa zoragarria izan da. Orokorrean oso ondo esango nuke".
Ikusleek esana / Garazi Otxoa
"Kantautoreak gustuko ditut eta atsegina egin zait Matxen kontzertua. Bere estiloan abesti onak direla iruditu zait eta berarekin zegoen gitarra joleak joko asko ematen zuen abestietan".
Kazetariak esana / Jon Berezibar
"Pop-rock kantautoreen moldea ezin hobeto betetzen du Matxek. Abesti erakargarriak dira, dir-dira dutenak eta lehenengoan sartu eta gustura entzuten direnak. Asmatu egin du gainera Gorkak Malatuko gitarra jolea eta Izas laguna oholtzara igotzen. Polita izan da".
Kantariak esana
"Ni bakarrik eta gitarra jole batekin ateratzen naizen lehen aldia izan da eta espero baino hobeto joan dela iruditzen zait. Hasieran pixka bat urduri nengoen baina gero guztia ondo joan da. Oso gustura egon naiz oraingoan ere".
Malenkonia - Oñati

Adituak esana /
Gregorio Galvez, irrati esataria
"Harrituta utzi naute hauek ze Euskal Herrian euren estiloan ez daude hainbeste talde. Instrumentu ugari jotzen dituzte eta maila ona erakutsi dute eta abeslaria ere behar modukoa iruditu zait. Interesgarria iruditu zait haiek erakutsitakoa".
Ikusleek esana / Garazi Otxoa
"Asko gustatu zait batez ere pianoarekin, biolinarekin eta saxoarekin atera direlako. Zentzu horretan ekarpena dakartela iruditzen zait eta popa gustuko dugunontzako ezusteko polita izan da talde honena. Euren alde egiten dut apustu".
Kazetariak esana / Jon Berezibar
"Ezusteko polita hartu dut taldea asko borobildu da eta. Soinu aldetik zalantzarik ez talde aberatsa dela eta konposizio aldetik badirudi berehalakotasunaren aldeko apustua egin dutela. Ondo irten zaie eta estilo aldetik freskotasuna dakarte. Aurreko Danbakan baino dezente hobeto ikusi ditut".
Taldekideek esana
"Animu handiak jaso ditugu ikusleengandik eta piztu egin gara. Aurreko Danbakan baina askoz ere hobeto egon gara, urduritasun gutxiagorekin. Abesti landuagoek funtzionatu egin dute".
Belceblues - Bergara

Adituak esana /
Gregorio Galvez, irrati esataria
"Txundigarria izan da. Teknikoki perfektuak eta irudi ona dute. Betiko bluesa da eurena baina benetan ondo egiten dute. Hauek ez daukate zertan kanpoko musikarien inbidiarik izan maila ikaragarria dute eta".
Ikusleek esana / Garazi Otxoa
"Parean ez banituen pentsatuko nuke disko bat ipinita zeukatela aparteko musikariak iruditu zaizkit eta. Gustatu zait ere bati gitarraren soka apurtu eta taldekideak jotzen jarraitu eta inprobisatu egin dutenean. Estilo handiko taldea da".
Kazetariak esana / Jon Berezibar
"Oso klasikoak baina oso-oso onak dira. Banda profesionalaren traza guztiak dituzte, kalitatea, egoten jakitea, instrumentalki akatsik gabeak. Txalo zaparrada jaso zuten amaieran, inpresio ona orokorra izan zen eta".
Taldekideek esana
"Oso ondo atera da eta egia esan guk disfrutatu egin dugu, guztiaren gainek. Erdialdera deszentratu egin gaitu soka bat hausteak, baina aurrera egin dugu eta ondo joan dira gauzak. Urduri egon gara une baten edo beste baten, baina berehala hartu diogu neurria".
Aby-Kem - Bergara

Adituak esana /
Gregorio Galvez, musikologoa
"Inpresio ezin hobearekin utzi naute, zur eta lur. Banekien mutil hauek oso maila ona zeukatela, oso gazteak dira eta estiloari dagokionez, ez dute ezer berririk asmatu, baina berdin da, apartekoak dira eta. Gogo ikaragarriarekin jotzen dute eta gozatu egin dugu. Banda jeniala iruditu zait".
Ikusleek esana / Garazi Otxoa
"Bandatzarra iruditu zait nahiz eta gustukoen dudan musika mota ez izan. Sekulako potentzia daukate eta eurei gozatzen ikusten zitzaien eta ikusleentzat ere hori eskertzekoa izaten da".
Kazetariak esana / Jon Berezibar
"Izugarri gustatu zait. Azken taldeak beti dauka ikuslego nekatuago baten desabantaila, baina hauen energiarekin logura guztiak uxatu zituzten. Talde aparta da, gogotsu eta disfrutatzen ikusi genituen eta ikusleok ere berdin. Ez ziren une baten ere gainbehera etorri".
Taldekideek esana
"Oso gustura egon gara eta gehiago ezin genuela amaitu dugu, guztia emanda. Lagunak aurrean izan ditugu eta kristoren animuak eman dizkigute. Gogoa geneukan halako eszenatoki handi baten egoteko eta gustura ibili gara".
Erantzunak
Nork: Peloxe.2006/11/06 20:12:31.707 GMT+1
Nork: Lord uge.2006/11/07 23:47:34.436 GMT+1