
Oraingoz eskuartean daukazuen hamar hatz beteko biniloa bakarrik kaleratu duten arren, Gaztelupeko Hotsak-ek kaleratu duena, lortu duten emaitza oso kontuan hartzekoa da. Lehenengo danbatekoak Hellacopters edota Sewergrooves ahaideak gogora ekartzen dizkigu; hala, hard-rockaren dotoretasuna eta punk-rockaren urjentzia maisuki batzen jakin dute. Lehenengo aldea ixten duen pieza, aldiz, melodikoagoa da, eta glametik eta LA-ko sleazy soinutik hurbilago dago. B aldean, berriz, gai dira hard-rock hit itsaskorra idazteko zein ñabarduraz betetako punk-rock melodiko bezain indartsuaz janzteko.
Taldeak indarra dauka, baita estiloa eta klasea ere; eta ingelesa ederto ahoskatzen duen primerako abeslari batek musikari eskarmentodunen lan fina borobildu egiten du. Modu berean, lau kantuok Elkar estudioetan Jean Phocasekin grabatu dituzte, eta emaitzak hartu duen disdira nabarmentzekoa da. Ez dauka atzerriko beste lan batzuen inolako inbidiarik.
Hitzei dagokionez, topikoetatik haratago, egunerokotasunean oinarritu dira: galdutako lagunek utzitako hutsunea, unean unekoa bizitzeko gogo betea, irabazle eta galtzaileak eta beste.
Erraz antzematen da ez direla hasiberriak: izen honen atzean ditugu ehunka batailatan ibilitako Isarevolution, The Jukebox, Ekon, Heriotza, Special Guest eta Arkada Social taldeetako kide ohiak.

Idatzi artikulu bat