Bergara, Aretxabaleta eta Eibar aldeko taldeak ikusteko eta entzuteko aukera izango da.
Danbakaren hirugarren edizioko lehenengo kontzertua pasatu da, eta hortaz zuzenekoetako motor guztiak piztuta daude dagoeneko. Lehenengo emanalditik taldeek maila altua erakutsi dute eta ikusleek ere ederto erantzun zuten, Espaloia berotu eta giroa sortuz. Ea horrela jarraitzen duen!
Kontzertu-egubakoitzero moduan, lau talde eta lau eskaintza zeharo desberdin. Horien artean, badira rocka zentzu oso zabalean landuko duten taldeak, gitarren doinuarekin edo teklatua- rekin ondo aberastutakoak. Horren adibide dira Ni_Neu eta Adi Holden, esaterako.
Heavya eta hardcore-metala
Baina, doinu gogorragoak ere entzun ahal izango dira. Hala, Lord Witch taldeak power metala landuko du, ahots melodia eta gitarra landuekin, heavy patroiekin agintzen duten moduan.Eta, bestalde, Scam taldeak izan duen garapena zuzenean ikusteko aukera izango dugu. Punk-pop edo hardcore melodikotik abiatuta, hardcorea, metala, emocorea eta melodia batzera heldu dira aspaldian.
Ni_Neu
Ni_Neu talde askotan (Kafha, Jak...) ibilitako Aitor Sologaiztoa musikari eibartarraren proiektua da. 2003an hasi zen idea horri forma ematen, eta 2006an lehenengo maketa grabatu zuen etxean; instrumentu guztiak Sologaiztoak berak grabatu zituen. Ni_Neu taldeak rocka, doinu lasaiak eta elektronika batzen ditu, teklatuaren protagonismo handiarekin eta emozioa oso presente dagoela. Dagoeneko hainbat musikari batu zaizkio eta taldea osatzen dabil, baina beste musikari batzuen premian dago.Scam
Scam taldea Aretxabaletako Mikel, Imanol, Paulo eta Anderrek osatzen dute. Oso-oso gaztetxoak zirela, punk-popa edo hardcore melodikoa egiten hasi ziren, eta Danbakako bigarren edizioan zuzenean jotzeko sailkatu ziren.Gerora, baina, garapen handia egin dute: gaur egun, hardcorea, metala, emocorea eta melodia batzen dituzte, Berri Txarraken eraginak gehituz. Ingelesez eta tarteka euskaraz abesten dute.
Lord Witch
Bergarako laukote hau 2004an sortu zuten, eta ordutik oso argi izan du euren jomuga heavy metal melodikoa edo power metala dela. Partaideen artean hainbat aldaketa izan badituzte ere, Iker, Jorge eta Eugek hasieratik dihardute proiektu horretan buru-belarri. Horiei azkenekoz Eugenio batu zitzaien. Gazteleraz abestutako kantuetan oso presente daude ahots argi eta melodikoa, gitarra riff indartsuak eta baita bateria erritmo gogorrak ere.
Adi Holden
Adi Holden talde berri samarra da, iaz Bergaran sortutakoa. Luzaroan Cool Panic talde rockeroan aritutako Alex Muela da abeslaria eta gidaria, eta berarekin batera Arturo, Txarli eta Ruben musikari eskarmentudunak daude. Oraingo proiektu honetan estilo koordenadaz zeharo aldatu dira eta rocka ikuspegi oso zabalean lantzen dute, gitarrei ukitu berezia emanez eta oraingoan, iraganean egin ez zuten moduan, euskara erabiliz, gainera.

Idatzi artikulu bat