Danbaka.com

albisteak mp3ak bideoak Goiena

2010/01/11 11:34:00.043 GMT+1

Danbakako hiru finalisten diskoak laster saltokietan

Danbakako hirugarren edizioan finalista izan ziren hiru taldeak lanean ibili dira buru-belarri: The Wet Band, Adi Holden eta Norman.  Lehenengo taldeak, mutrikuarrak, lehenengo saria eskuratu zuen; eta bigarrenak, bergararrak, Debagoieneko talde onenarena. Bi horiek Shot! grabazio estudioan disko bana grabatzeko eta Gaztelupeko Hotsak eta Danbakaren bitartez diskoa kalean izateko sariak irabazi zituzten. Norman talde eibartarrak, berriz, ez zuen inongo saririk jaso, eta euren kabuz grabatu dute, baina Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak interesa jarri zuen diskoan, eta hori ere kaleratu du.

The wet Band: 'waterproof'
The Wet Band taldekoak urrian egon ziren Shot! estudioan diskoa grabatzen. Horretarako, gainera, taldekide berria estreinatu zuten: teklatua eta saxoa jotzen dituen Endika Kerejeta batu zitzaien.
Waterproof izeneko lanean 12 kantu batu dituzte; horietatik bat euskaraz eta gainontzekoak ingelesez, taldeak ohikoa duen moduan. Bertan Danbakan entzundako kantuetako batzuk ageri dira, baina baita hainbat berri ere. Ainararen ahotsak gidatuta,  soul, rock, funk eta hard-rock arloetan murgiltzen dira batez ere; eta horretan, teklatuak asko laguntzen du hutsuneak betetzen eta bestelako giroak sortzen. Bide batez, doinu klasikoei (70eko hamarkadakoei, alajaina) begiratzen jarraitu arren, gaur egungoak diren sonoritateak ere gehitu dizkiete; eta, tarteka, gitarra gogorrak ere badira. Hitzei dagokionez, bakardadea, desamodioa, zapatu gauetako burutazioak eta beste batu dituzte.
Danbakako antolatzaileen eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen arduradunen asmoa da otsaila hasierarako diskoaren aurkezpena egitea. Taldeak, gainera, etxeko lanak eginda ditu; eta martxo hasieratik ekainera bitartean Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik barrena bira bat antolatuta dauka Ondarruko Uek beteranoekin eta Kraussk taldeekin batera. Bazen ordua mutrikuar horiek euren doinuak Euskal Herrian zehar zabaltzeko! Ez digute konfirmatu ohiko autobusak lagunduko dituen edo ez.

Adi Holden: 'adi holden'
Adi Holden taldekoek azaroan bisitatu zuten Arrasateko Shot! grabazio estudioa. Igartzen da, kasu honetan, talde gaztea bada ere, taldekideak beste proiektu batzuetan ibiliak direla eta eskarmentua daukatela.
Taldearen izen bera daukan diskoan 11 abesti batu dituzte; hamar kantu propio euskaraz eta bat Hüsker Dü taldearen Dianne bertsioa. Horietako batzuk Danbakan egin zituzten ezagun, baina beste batzuk berriak dira. Kontraste handiko diskoa da, eta giro lasaietatik abiatuta intentsitate handiko uneak aurki daitezke. Gai dira folk kutsu handia daukan pieza bat idazten zein 90eko rocka abiapuntu hartzen edo esperimentatzen. Are gehiago, ezin da ahaztu Adi Holdeneko taldekideek kantuak interpretatu egiten dituztela; hau da, une bakoitzean modu baten edo beste baten jotzen dutela unearen arabera aske izaten direla horretarako. Hala, nahiz eta diskoan halakoak badiren (kantu zoroagoak), zuzenekoak askoz basatiagoak egiten dituzte.
Irakurleei taldearen gaineko arrasto batzuk ematearren, esan dezakegu taldekideek, besteak beste, oso gustuko dituztela Cancer Moon, Ama Say eta Screaming Trees eta horiei bestelako ukitua ematen saiatzen dira. Hala ere, musika asko eta oso desberdina entzuten dute. Bestalde, diskoaren estetikan nolabait isladatu gura izan dute euren jaioterriko industria eta metal tradizioa. Giro iluna, oxido kolorea; makina, burdina, paisaia grisa, gizakia ia desagertzera arte, ia berau isolatu arte.
Hitzei dagokionez, bergarar horiek asko zaintzen dituzte; horregatik, iraganean beste proiektuetan erabilitako ingelesa alboratu dute gertutasunean irabazteko. Euskara erabiltzea aukeratu izanaz gain, euskal idazle eta poeten testuak musikatu egin dituzte. Diskoa Bergaran bertan aurkeztuko dute urtarrilaren 30ean; The Hot Dogs! taldearekin batera arituko dira gaztetxean.

Norman: 'norman'


Norman laukote eibartarra izan zen Danbakako hirugarren edizioko finalean sarietatik kanpo gelditu zen talde bakarra, eta pena izan zen; finalera heldu bai, baina esku-hutsik joan ziren. Egia da, ez zuten saririk jaso, baina gero eta gehiago hit zegiten da euretaz eta askok Danbaka lehiaketari esker ezagutu dute.
Hala, Danbakak ezer ordaindu ez badie ere, eurek bide propioa egin dute eta bat egin dute beste bi talde finalisten bidean eta ia-ia diskoen kaleratzean. Hain zuzen ere, justu-justu Durangoko Azokara heldu zen beraien estreinako diskoa, taldearen izen bera daukana.
Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko arduradunek taldea entzun eta gustuko izan zutenez, diskoa kaleratzea eskaini zieten. Esan eta egin: taldea Eibarko Legarre auzoko lokaletan murgildu eta Ander Barruso soinu teknikariarekin batera 11 kantu grabatu zituzten, guztiak euskaraz. Zoritxarrez, lehenengo aldiz grabatutako ekinaldia galdu egin zen, eta berriro grabatu behar izan zituzten hainbat kantu, baina emaitza dagoeneko kalean dago. Norman ere talde gaztea da, baina gauzak argi dituena. Talde berriek freskotasun handiagoa izaten dute eta hori eibartar hauen kasuan oso nabaria da. Hala, punk-rock taldeetatik etorritako musikari hauek buelta erdi eman diote aipatutako estiloari; bide batez, psikodelia, melodia asko, post-hardcore erritmoak, iluntasuna eta beste gehitu dizkiote. Hori guztia euskaraz egitea ez da batere ohikoa, eta jakin-mina eragiten du.
Taldeak dauzkan beste berezitasun bi dira abeslariaren eszenaratze zoroa eta baita taldea bera agertoki gainean eraldatzeko daukan erraztasuna. Ez dira horiek ezaugarri eskasak!
Hitzei dagokienez, Beñat abeslariak joko bat balitz moduan, Hitchcockmania-ren ondorioz, Norman izena ia oharkabean proposatu zuen eta gainontzekoek ontzat hartu zuten. Kontua da, gaur egun, taldea eta hitzak Norman Batesen ildotik abiatu eta gaizkileen, hiltzaileen eta antzeko pasarteez banatuta ezin ditugula irudikatu. Taldearen marka bihurtu da hori ere bai, eta musikak ere izan dezake lotura.

Nork: Iker Barandiaran.2010/01/11 11:34:00.043 GMT+1
Etiketak: wet_band adi_holden norman finalistak danabaka | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Hirurak "pack" batean erosteko aukera egongo da?

Nork: Demonocrazy.2010/01/11 14:09:43.973 GMT+1
www.goiena.net/blogak/demonocrazy

Kaixo Demonocrazy!
Danbakako zuzendaritzak erabakia hartzeke dauka. Dena den lasai, erabakia hartzen duenean jakinaraziko dizuegu,
eskerrik asko zure interesagatik!

Nork: Danbaka.2010/01/11 18:19:08.709 GMT+1

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi irudiko hizkiak hurrengo kutxan. Captchas.net-i esker



Bisitak blog guztietan: