Danbaka.com

albisteak mp3ak bideoak Goiena

2010/01/24 18:48:02.296 GMT+1

Des-Kontrol taldearen aurkako erasoa Barakaldon

Arrasateko musika talde ezaguneko kideek ezin izan zuten kontzerturik egin egubakoitzean Barakaldoko San Vicente auzoko jaietan, txosnetan. Horren arrazoia izan zen kontzertua hasi aurretik 50 bat ezezagunek burdinazko barra, botila eta "ukabil amerikarrekin" bortizki erasotu zituztela. Taldekide guztiak etxean daude, baina guztiek zauri eta kolpe handiak dituzte, eta denbora beharko dute horiek guztiak sendatzeko.

Taldekideek,  jakinarazi digutenez, orain dela bizpahiru aste ezezagun batzuek San Vicente auzoko jai batzordera jo zuten Des-Kontrol taldearen kontzertua bertan behera uzteko esanez. Antolatzaileak zalantzan egon ziren zer egin, baina, gerora, aurrera egitea erabaki zuten. Arrasatearrei ere galdetu zieten, eta hauek ere jotzearen alde agertu ziren.
Ezagun da azken urteotan giza talde batek Des-Kontrol taldea faxistatzat edo anbiguotzat duela eta haien kontrako difamazio eta boikot kanpaina zabaldu zuela.
Horri erantzuna emateko, Arrasateko taldeak disko bat kaleratu zuen Euskal Herriko alor askotako musikari, kirolari eta bestelako artisten atxikimenduarekin.

50 pertsonen erasoa

Ostiralean, arrasatearrak Barakaldora joan, soinu probak egin eta tabernetan ibili ostean, antolatzaileekin eta beste taldeekin afaltzera joan ziren. Afaltzen zeudela, antolatzaile batek jakinarazi zien txosnagune inguruan 50 bat pertsona zain zituztela taldekoei kontra egiteko asmoz. "Ez genuen sinistu horrenbeste izango zirenik, eta are eta gutxiago gu erasotzeko asmotan etorriko zirenik. Bakarrik probokatzera etorri zirela pentsatu genuen", azaldu ziguten arrasatearrek. "Txosnagunera joateko korridore antzeko baten aurkitu genituen eta han gutako bati zuzendu ziren. Berak ezer esan aurretik, atzetik burdin barra batekin buruan jo zuten eta lurrera ziplo jausi zen. Jarraian, besteoi gauza bera egin ziguten. 50 bat izango ziren, batzuk aurpegia estalita, burdinazko barrekin, botilekin, ukabil amerikanoekin, ostikadak lurrean geundela... Oso azkarra izan zen guztia, eta badirudi oso ondo planifikatuta zutela guztia".
"Handik alde egin eta gutako batzuk, odoletan eta kamisetak apurtuta, inguruko taberna batzuetan babestu ginen. Taldekideren bat anbulantzian eraman zuten eta beste batzuk auzokideek eraman gintuzten ospitalera", azaldu zuten musikariek.

Min larria egiteko helburua

Des-Kontrolekoen esanetan, musikariak artatu zituzten osasun zerbitzuek ohartarazi zieten buruan jasotako kolpeetako asko min oso larria egiteko puntu zehatzetan izan zirela. "Taldekideetako batek zortzi puntu ditu buruan; beste batek lau puntu buruan eta mokorrean zauri handi bat; hirugarren batek bi puntu buruan, kolpea sudurrean eta ubeldurak begian eta atzamarretan; eta laugarrenak eskua apurtuta, zauriak lepoan eta belarrian eta kolpe ugari bizkarrean".
Orain ikustear da zenbat denbora beharko duten zauriak sendatzeko. "Ea ahalik eta lasterren sendatzen garen. Jendeak gertatutakoa jakitea nahi dugu, honek ez dauka izenik; eta laster erabakiko dugu eraso honen aurrean zer egin".

Nork: Iker Barandiaran.2010/01/24 18:48:02.296 GMT+1
Etiketak: des-kontrol | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Taldeari elkartasuna adierazteko DES-KONTROL TALDEAREKIN ELKARTASUNA izeneko taldea sortu dute Facebooken.


Nork: Imamon.2010/01/25 11:14:27.852 GMT+1

Nork: Des-Kontrolen komunikatua.2010/01/26 09:26:46.591 GMT+1
http://www.myspace.com/des-kontrol

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi irudiko hizkiak hurrengo kutxan. Captchas.net-i esker



Bisitak blog guztietan: