"Trinkotasuna, indarra eta eromena", horrela deskribatu dute zaleek Hamleten emanaldia. Molly-ren taldea indartsu itzuli da eszenatokira eta bi hilabete geldi egon ostean, gosea ase dute. 3 aretoa lepo bete zen zapatu gauean. Emanaldia, Infernoise madrildarrek ireki zuten metal gogorra eta energia barra-barra astinduz.
Arrasatekoa, lehen emanaldia izan da bi hilabete geldi egon ostean, eta Molly abeslari eta liderrak desiratzen zeudela kontatu digu. "Ikaragarrizko gogoa geneukan zuzenekora bueltatzeko eta gainera Arrasaten! Zaleak ikaragarriak dira sekulako energia transmititzen digute". Hamar bat urte igaro dira Arrasateko gaztetxe zaharrean Berri Txarrak gazteekin –sasoi hartan hasi berriak zirenak– emanaldia eskaini zutela. "Orduan maketa aurkeztu zuten eta orain, ibilbide oparoaren ostean, diskoetxe berdinarekin, Roadrunner-ekin, kaleratu dugu diskoa". Base indartsuak eta Alberto Marín gitarra-jotzaile ospetsuaren riff gogorrak nagusi, 3 aretoa bete egin zuten madrildarrek. Eszenatokian asko mugitzen dira eta oso talde "elektrikoa" direla esan ziguten. Esperimentatzea eta ikuskizuna ematea gustuko dute gainera.
Esperientzia
dauka Hamletek eta hori igarri eta transmititu egiten dute. La puta
y el diablo azken lana aurkeztera etorri ziren, baina, zaleak,
abesti mitikoak entzuteko irrikaz ere bazeuden. Hala, 23 abestiz
osatutako set-list bikaina eskaini zuten. Eta noski, dagoeneko
taldearen ereserki bilakatu diren Jodido facha, de mentes
cobardes, revolución edota antes y después
abestiekin eromena nagusitu zen 3 aretoan.
Aurreko bi diskoekin
alderatuta, hasierako musika egitera itzuli dira. Horren eredu dugu bis-ean
abestu zuten Siete historias diferentes singlea. "Lan berria
inoiz egin dugun musikalena da eta oso oldarkorra. Hamleten lehen etapa
gogorarazten du". Ez zaie estilo bakarrarekin identifikatzea gustatzen,
"etiketak ez zaizkigu gustatzen; denetik egiten dugula esan digute: hard
rocka, post metala, nu metala… gu metal talde bat gara eta listo!".
Bederatzi diskoren ostean, ukitu ezberdinak jasotzea saihestezina izan
dela eta lan berriak zaleen artean, harrera bikaina izan duela kontatu
digu Molly-k.
Metalaren egoeraz galdetuta, garbi dute
metala bizirik dagoela. "Egia da atzerrian metala sendotuta dagoela,
baina, hemen ere badauzkagu zale fidelak. Euskal Herrian metalak indar
handia dauka, jatorri sendoa dauka eta sekulako taldeak daude,
Anestesia, Legen Beltza...".
Aipatu ere, Infernoise talde madrildarrak eman ziola gauari hasiera. Bortitzak dira eszenatokian eta lan berriak denbora gutxi duen arren, bikain defenditu zuten. "Emanaldiz emanaldi hobetzen ari dira. Lagunak izateaz gain, talde paregabea da eta sekulako energia transmititzen dute taula gainean", azaldu digu Molly-k. Hamlet boskoteak, bira honetan bide lagun izan dute Infernoise talde madrildarra. Talde oso "potentea" eta "kañeroa" direla azpimarratu nahi izan digute Hamleteko mutilek.
Europako bira apirilean
Roadrunner Records-ekin kaleratu dute La puta y el diablo lana. "Prestigio itzela dauka metal munduan eta Europako birarako aukera paregabea izatea lortu dugu diskoetxe honekin. Apirilean Europan egingo dute bira Sepulturarekin batera.


Idatzi artikulu bat