Danbaka.com

albisteak mp3ak bideoak Goiena

2006/11/20 16:18:45.433 GMT+1

Hirugarren kontzertuaren gaineko iritziak eta argazkiak

Kontzertuko argazkiak

Igor. Aretxabaleta


Adituak esana / Leire Gomez, musikaria
"Asko gustatu zait musika aldetik kolore handien izan duelako. Musikariak, banan-banan hartuta, oso onak iruditu zaizkit eta Igor bera ere txukun ikusi dut. Haizezkoek emandako ukitua azpimarratuko nuke".

Ikusleek esana / Jon Gartzia
"Ez zait askorik gustatu, klasikoegia iruditu zait, eta taula gainean eskarmentu handia falta zaiela. Hala ere, indibidualki musikariak oso maila onekoak iruditu zaizkit, baina entsegu gutxirekin. Oro har, moldatzen dira".

Kazetariak esana / Jon Berezibar
"Sinpatikoa izan zen Igorren kontzertua, nahiz eta musika aldetik ezer berririk ez dakarren. Hura jator ibili zen, jendeak ondo erantzun zuen eta maila oneko musikariak aukeratu zituen. Entseguak falta zaizkie, hala ere".

Bakarlariak esana
"Dena erdi lotuta geneukala irten gara, baina  azkenean ematen du hartu diogula neurria. Nik, behintzat, oso ondo pasatu dut eta lagun ugari etorri dira ikustera. Horrek animatu egin gaituela uste dut. Giroa, behintzat, bikaina izan da eta urduritasuna arin joan zaigu".

Mahaster River. Bergara

Adituak esana / Leire Gomez, musikaria
"Zerbait falta zitzaiela iruditu zait soinua osatzeko, bateria edo erritmoa akaso. Hala ere, maila oso ona erakutsi dute eta abeslariaren jarrera ona ere aipatzekoa iruditzen zait".

Ikusleek esana / Jon Gartzia
"Nire kinieletan lehenak zeuden eta gaur egiaztatu besterik ez dute egin pentsatzen nuena. Kontzertua bikain hasi dute, lehenengo abestietan oso fin joan dira eta pena izan da soka apurtzean geratu behar izan dutela. Hala ere, hori ez zegoen euren esku  eta esan beharra dago disko abestiak perfektuki jo dituztela".

Kazetariak esana / Jon Berezibar
"Jotzeko oso gustu ona erakutsi zuten. Zortea ez zuten aldeko izan, baina musikari oso onak dira eta ez zen sokaren kontua aitzakia izan emanaldi onik ez egiteko. Asko espero zen haien aldetik eta neurrira egon ziren".

Taldekideek esana

"Arazo teknikoak izan ditugu, soka apurtzearena eta hori guztia, baina gainontzekoan oso ondo. Azkenaldian nahikotxo gabiltza jotzen eta taldea oso sasoi onean dago. Danbakarako ilusio eta gogoak geneuzkan eta ondo egon da, disfrutatu egin dugu, eragozpenak eragozpen".

Los Cretinos. Arrasate

Adituak esana / Leire Gomez, musikaria
"Giro eta zuzeneko emaitzaren aldetik talde oso eraginkorra iruditu zait, kontzertuan disfrutatzekoa. Hasiberriak ez zirela ere nabari zen, eszenatokian egoten dakitela erakutsi dutelako. Euren estiloan onak izan dira".

Ikusleek esana / Jon Gartzia
"Serio ikusi ditut, baina iruditu zait nahiko hobetu dutela urtebetean. Ez da munduko proposamenik originalena, baina eurei gustatzen zaien estiloa da eta horretan onak dira. Efektiboak izan dira, baina gehiegikeria barik".

Kazetariak esana / Jon Berezibar
"Zuzeneko taldea dela nabari zaie, garaje soinua bere horretan eraman zuten Espaloira eta eskertzeko izan zen talde batek rock egur apur bat eman izana. Ez zen zuzeneko bortitza izan, baina taldeak maila ona duela frogatu zuen. Agian giroa ere ez zen eurek izaten ohi dutena. Tinko eta ganoraz ibili ziren".

Taldekideek esana
"Oso gustura ibili gara eta leku benetan aproposa da hau kontzertuak emateko. Giroa apur bat motel egon da, baina bestela gu oso gustura egon gara, kontzertu guztietan bezala".

Yotox. Bergara


Adituak esana / Leire Gomez, musikaria
"Hasieran zer pentsa ez nekiela utzi nau honek, baina, egia esateko, kontzertuak aurrera egin ahala, erritmoa jartzen joan da, eta konbentzitu egin nauela esan beharra daukat, musika horren oso zale ez banaiz ere".

Ikusleek esana / Jon Gartzia
"Musika bai, baina proiekzioak ere asko gustatu zaizkit. Elektronikoa ona iruditu zait, baina gitarren partea artifizialki txertatua dagoela iruditu zait, leku garbirik ez diot ikusi gitarrari. Hori lantzen badute, talde borobila izango da".

Kazetariak esana / Jon Berezibar
"Planteamendu elektronikoek beti izan ohi dituzte zailtasun handiagoak zuzeneko tradizionaletan behar bezalako indarra transmititzeko. Berotzea kostatu zitzaien, baina bukaerarako eskua hartu eta ezusteko atsegina izan zen Yotoxena".

Taldekideek esana
"Bukaeran fenomeno ibili gara, baina hasieran arazo batzuk izan ditugu audioarekin. Kontzertuak aurrera egin ahala joan da guztia konpontzen, eta oso gustura egon gara. Amaierako abestiak oso ondo joan dira. Soinu arazoek hasieran urduri ipini naute, baina gero disfrutatu egin dut".

Nork: Danbaka.2006/11/20 16:18:45.433 GMT+1
Etiketak: danbaka2 taldeak iritziak kronikak danbaka kontzertuak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Apa,

galdera bat, badakizute noiz bukatzen den botoa emateko epea?

mila esker

Nork: abcdario.2006/11/29 09:16:22.294 GMT+1

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi irudiko hizkiak hurrengo kutxan. Captchas.net-i esker



Bisitak blog guztietan: