Jam aretoa 2006ko urriaren 5ean zabaldu zuten, Soziedad Alkoholika, Anestesia eta Koma taldeen kontzertu batekin. Ordutik hona makina bat talde igaro da Bergarako aretotik; estilo askotarikoak, gainera. Aurrerantzean, Hontza Produkzioek izango dute Jameko kontzertuak antolatzeko ardura. Arduradun berriek formatu ertaineko musika ikuskizunez zuzenean gozatzeko aukera eskaini nahi diete Bergarari zein Debagoienari. Aste bukaeran Ken Zazpiren kontzertua izango da eta gero etorriko dira, besteak beste, Berri Txarrak, Rosana, Fangoria, Barricada eta Loquillo.
Joan den urteko urtarrilaren 3an Victoria Eugenia antzokian grabatutako Zazpi urte zuzenenean diskoa aurkezten dihardu Ken Zazpik, eta zapatuan Jamen geldialdia egingo dute.
Kontzertuen ardura, Hontzaren esku
Hontza Produkzioek izango dute Jameko kontzertuak antolatzeko ardura. Lehen ere Jamen ibilitako bi lagun zahar daude Hontzaren atzean: aretoko gerente izandako Fernando Etxabarri eta David Fernandez. Etxabarriren hitzetan: "Formatu ertaineko musika ikuskizunez zuzenean gozatzeko aukera eskaini nahi diegu Bergarari zein Debagoienari. Aretoaren baldintzak oso onak dira, agertokiaren kokapenagatik, are gehiago hobetu den akustika bikainagatik eta taldeei lanerako eskaintzen dizkien erraztasunagatik. Areto asko dago han eta hemen, eta SGAEk martxo aldera berria zabalduko du Bilbon, Campos antzokian. Dena dela, Jamek badu berezko egiten duen zerbait eta taldeek, promotoreek eta ikusleek gurekin bat egitea espero dugu". Besteak beste, Berri Txarrak, Rosana, Fangoria, Barricada eta Loquillo Bergarara ekartzeko asmoa daukate.


Idatzi artikulu bat