Kontzertuko argazkien bilduma.
Jim TNT - Arrasate

Adituak esana / Igor Susaeta, musika kazetaria
"Pertsonala izan da eta gustatu zait; hasieratik egon da ondo. Hitzetan iruditu zait hutsa, betiko gaiekin (mozkorraldiak, biharamuna, lana...) etorri da. Hala ere, autentikoa irudi zait, gaurko onena bai, behintzat. Bakarlari moduan bere lana ondo egin du eta harmonikak ere ukitu ona eman dio".
Ikusleek esana / Amaia Zubia
"Gustatu zait, benetan ondo egon dela iruditzen zait eta oso ondo jotzen du Jaimek. Guztiz berezia ere ez da izan, baina musikari ona dela ikusi da".
Kazetariak esana / Jon Berezibar
"Oso ondo egon da. Estilo garbia dauka eta gustura jardun du. Kutsu klasikodun abestiekin eta letrekin iragan garaietara begiratzen du gehienbat Jim TNTk, baina musika aldetik zalantzarik ez dago oso ondo jo duela".
Bakarlariak esana
"Bakarka taldearekin bezain gustura egon naiz, oraingoan ere eroso sentitu naiz. Bandarekin babes handiagoa daukazu eta beste modu baten aurkezten zara. Hala ere, oso gustura egon naiz, ze abestien zerrenda inprobisatu egin baitut, eta behar baino abesti gehiago jo ditut".
Raul Lasa - Arrasate

Adituak esana / Igor Susaeta, musika kazetaria
"Proposamen berri guztiek ez dute zertan beti onak izan, eta batez ere hori, movida madrileña-ko kutsu horrekin. Lau tontakeria egitea ez da nahikoa. Jendea erotuta egon da, baina niri ez zait batere gustatu. Antzerkia da aipagarriena, baina hau musika lehiaketa da. Musikalki hutsa, eta ez da batere berritzailea ezta probokatzailea ere".
Ikusleek esana / Amaia Zubia
"Barre, behintzat, egin dugu show-arekin. Oso ondo pasatu dut. Ikuskizuna izan da gehienbat, baina oso ondo egon da".
Kazetariak esana / Jon Berezibar
"Antzerkiak irentsi du musika eta show-ak azkenean abestiak ere zapaldu egin ditu. Letra aldetik zalantza barik hura txapeldun, baina ez du asmatu ikuskizunaren planteamenduan, hasierako sorpresaren ostean errepikakor egiten delako. Ikuskizuna oso ona, baina agian ez zen lekurik aproposena horretarako".
Taldekideek esana
Buzkantz kooperatibisten enpatxuaz osteko balorazioetarako apetitu txikiarekin geratu zen Arrasateko juglare berria. Aldamenean zuen korista histrionikoaren aurpegiarekin geratzen gara, beraz.
Unnëa - Oñati

Adituak esana / Igor Susaeta, musika kazetaria
"Oso arinak iruditu zaizkit, estetika bikain zainduta, baina musika arinegia. Estetikaz larregi arduratzen direnek ez naute konbentzitzen. Hori bai, urruti irits daitezke, oso salgarriak dira-eta. Arinegiak izan dira, ez indar, ez emozio... Ezer ere ez".
Ikusleek esana / Amaia Zubia
"Ez nuen taldea ezagutzen, eta asko gustatu zait egin duten musika. Estilo aldetik asmatu egin dutela iruditzen zait, gero eta gehiago entzuten da hemen ere. Gainontzeko taldeen erreferentzia gehiago neuzkan, baina Unnëarekin ezustekoa izan da".
Kazetariak esana / Jon Berezibar
"Oso ondo egon dira, baina zerbait falta zitzaien abestiei. Pauso bat aurrerago joan beharko lukete eta gehiago arriskatu. Talde moduan ondo, baina ohiko moldeetatik irten beharko lukete".
Taldekideek esana
"Pentsatu baino lasaiago ibili gara eta kantuak behar bezala atera dira; entsegu dezente egin ditugu kontzertuak prestatzeko eta buelta asko eman diegu kantuei. Jende ugari etorri zaigu Oñatitik babesa ematera, eta benetan eskertzen dugu hori. Motz egin zaigu, baina hori ona izaten da".
Scam - Aretxabaleta

Adituak esana / Igor Susaeta, musika kazetaria
"Hardcore melodiko horren oso zale ez banaiz ere, hain gazte izateko ausartak iruditu zaizkit. Erritmo aldaketak, bizitasuna... gustatu zait, baina tarteka nahasgarria egiten zen. Hala ere, berotu ahala itxura hobea hartu dute. Bateria oso ona da, inor aipatzekotan".
Ikusleek esana / Amaia Zubia
"Gehien gustatu zaidan taldea hori izan da, zuzenean indartsu aritu dira. Nik oso ondo ikusi ditut gazteok. Taula gainean moldatzen direla ikusi da eta kontzertua oso ondo egon da".
Kazetariak esana / Jon Berezibar
"Dagoeneko larregi esplotatutako estiloa egiten dute, eta horregatik inor ezustean harrapatzea gaitzagoa da. Taldeak, baina, ez du erosotasunean geratu nahi izan eta erritmo aldaketekin-eta arriskatu dute. Ondo egon dira eta gaztetasuna alde daukate etorkizunerako".
Taldekideek esana
Ahal duguna egin dugu eta gustura geratu gara. Aukera hau aprobetxatu nahi genuen eta prestatuta etorri gara. Baxu-jole berriarekin gabiltza eta azkenaldiko aldaketei egin diegu aurre. Hala ere, ondo joan da guztia. Balorazioa positiboa da oso.
Erantzunak
Nork: anton pirulero.2006/12/07 19:27:14.159 GMT+1