Mery May. Arrasate

Adituak esana > Mikel Kazalis (Anestesia)
"Nik beti mirestu izan dut gitarra soil batekin eszenatokira atera ahal izatea; distortsio eta watioen eskolakoa naiz-eta. Jarrera oso positiboa ikusi diot neskari, freskoa eta espontaneoa; oso ondo ikusi dut agertokiaren gainean. Ezin hobeto moldatu da."
Ikusleek esana > Mikel Narbaez (Bergara)
"Oso ondo, asko gustatu zait, benetan gustura entzun dudan saioa izan da. Atentzioa eman dit duen ahots berezi eta goxoak. Desberdina da, beste taldeekin alderatuta, neska oso gaztea da baina oso lasai ikusi dut. Laguna atera duenean, bi ahotsen arteko jokoa asko gustatu zait."
Kazetariak esana > Jon Berezibar
"Agertokian egin duen lehen urratsetik erakutsitako segurtasunak txundituta utzi nau. Ahotsak berehala harrapatzen zaitu eta abesti politak, oso entzungarriak dauzka. Lehenengo unetik gainera ikusi da parean artista bat geneukala. Esan daiteke guztia daukala bakarlari honek."
Bakarlariak esana
"Oso gustura amaitu dut. Kanpotik segurtasunarekin nindoala eman zezakeen arren, urduri nengoen, halere. Hainbeste jenderen aurrean jo dudan lehen aldia izan da baina gustura jardun dut. Labur egin zait, beraz disfrutatu egin dudala esan gura du horrek."
Damudot. Mallabia

Adituak esana > Mikel Kazalis (Anestesia)
"Heavy klasikoa da, Euskal Herrian dagoeneko nahikoa hedatua dagoena; bere garaian Latzen eta Su Ta Garrek irekitako bideari jarraituz. Abestien exekuzioa oso ona izan da baina jarrera puntu hori sumatu dut faltan. Egia da hiru lagunekin soilik zaila dela agertokia betetzea."
Ikusleek esana > Mikel Narbaez (Bergara)
"Nahiko ondo hauek ere. Musika estiloa ere asko gustatzen zait. Errepertorioa oso ondo prestatua ekarri dute eta agertokian ere oso jarrera onarekin ikusi ditut. Musika kañeroa egiten dute eta asko gustatu zait bateria jotzailea. Presentzia handia dauka hark taldearen barruan. "
Kazetariak esana > Jon Berezibar
"Eskolarik falta ez zaiela nabaria izan da baina eraginetatik kanpo saio txukuna eta indartsua egin dute. Alde teknikoa kontrolpean daukate eta taldea ere trinko ikussi da. Agian agertokia bereganatzean izan dituzte zailtasunak baina hiru kiderekin ere gaitzagoa izaten da."
Taldekideek esana
"Kristona izan da; errepikatzeko modukoa. Jendea gurekin egon da denbora guztian. Ez da lehiaketa baten parte hartzen dugun lehen aldia baina hona ere irabazteko baino, jotzeko etorri gara. Jende berria dabil hemen eta guk ere aukera hori aprobetxatu gura dugu."
The 5 Twisters. Arrasate

Adituak esana > Mikel Kazalis (Anestesia)
"Rock-and-roll oso klasikoa da eurena, modu txukun eta apainean egin dute, baina oraindik buelta bat falta zaiela iruditzen zait: ostia txar apur bat. Hori kritika moduan-edo utziko nukeena, ze bestela taldeak oso ondo jardun du."
Ikusleek esana > Mikel Narbaez (Bergara)
"Gustura ikusi dut, musika oso desberdina egiten dute. Eszenatokian oso trankil ikusi ditut eta azpimarratzeko abeslariaren keinu eta oholtza gaineko zorakeriak. Horrekin asko daukate irabazita. Agian azken honekin geratuko nintzateke zerbait nabarmentzerakoan. Bere neurrian, ez oso ondo, ezta oso gaizki ere."
Kazetariak esana > Jon Berezibar
"Ezin uka agertokiaren jabe egin eta showa gura duten moduan eroateko gauza direla. Gustura ikusi zaie eta ikusleei ere ikuskizun betea eman diete. Hori aurrekoan ere frogatu zuten baina oraingoan trinkoago eta talde moduan osatuago etorri dira. Akats gutxiko saioa izan da teknikoki eta taldea asko findu da aurreko Danbakatik."
Taldekideek esana
"Oraingoan ere oso gustura ibili gara. Gogo askorekin geunden agertokira igotzeko eta energia handiarekin irten gara. Gustura gaude irtendakoarekin eta pozik oraingoan ere."
Ymotek. Abadiño

Adituak esana > Mikel Kazalis (Anestesia)
"Zentzu guztietan harritu naute. Egia da ere estilo aldetik gertukoago zaizkidala baina teknikoki ere oso fin ikusi ditut. Horrez gain, jarrera aldetik gaueko onenak izan dira. "
Ikusleek esana > Mikel Narbaez (Bergara)
"Oso oso indartsuak, potenteak. Ikusleekin harreman asko izan dute. Maila oso ona, musika aldetik oso teknikoa eta uste dut finalerako aukera ona izan daitekeela. Taldea oso trinkotuta ikusi dut eta horrek, zelan ez, indarra ematen dio. Kontutan hartuta aurreko taldeekin baino jende gutxiago egon dela, zeudenak ondo konbentzitzera heldu dira".
Kazetariak esana > Jon Berezibar
"Hasiera baten sartzea kostatu bazaie ere erditik aurrera mamia hartu eta une oro saiatu dira ikusleak bereganatzen. Ikusi da jarraitzaileek goza zezatela saiatu direla eta hori oso garrantzitsua da. Horrek puntu asko eman dizkie eta baita ere soinuaren indar ikaragarriak eta teknikoki erakutsi duten maila ona. Atsedenik ez dute hartu une baten ere ez".
Taldekideek esana
"Lehiaketa izate horrek handicapa eransten dio kontzertuari baina gustura ibili gara. Urduri irten gara eta horrela gehiago kostatu zaigu sartzea baina azkenean lortu dugu sartzea."
Ikuslearen saria
Kontzertuen egunean, Espaloian emandako botoekin aukeratuko da publikoaren talderik gogokoena. Hemen duzue orain arteko botoen araberako sailkapena:- The 5 Twisters. Arrasate. %39,56
- Mery May. Arrasate. %28,57
- Damudot. Mallabia. %21,98
- Ymotek. Abadiño. %4,39
- Hilbete. Durango. %2,20
- The Motherfuckers. Arrasate. %1,09
- Ni neu. Eibar. %1,09
- Bitter Honey. Arrasate. %1,09
- Scam. Aretxabaleta. %0
- Lord Witch. Bergara. %0
- Adi Holden. Bergara. %0
- Los Viernes al Ron. Antzuola. %0
- Army-Arma. Zornotza. %0
- Brankan. Berriz-Markina. %0
- Foxy Boxxy. Arrasate. %0
- Igor San Juan. Aretxabaleta. %0
- Norman. Eibar-Ondarru. %0
- Flipin Folk. Ermua-Eibar. %0
- Rock Privado. %0
- The Wet Band. Mutriku. %0
- Turboshit. Bergara. %0
- Barua Banda. Eskoriatza. %0
- Tuesday Evenings. Durango. %0
- Revelphone. Soraluze. %0

Idatzi artikulu bat