Potemkin oñatiarrek Gauaren zaindariak diskoa kaleratu dute; taldearen bigarren lana da eta urtarrilaren 28an aurkeztuko dute hedabideen aurrean. www.myspace.com/potemkinrock webgunetik hiru kantu eta argazkiak jaits daitezke.
Aixibarrek, Alexisek, Ibanek, Ikerrek eta Mikelek osatzen dute Potemkin. Gauaren zaindariak izeneko diskoa atera berri dute. Haiekin egin dugu berba.
Gustura zaudete diskoarekin?
Noski. Karlos Osinagaren gidaritzapean beti egiten dugu lan gustura, oso profesionala da-eta. Diseinua Ruben Idigorasek eta Xabi Picok egin digute, eta oso harro gaude bukaeran eman dioten itxurarekin, erakutsi nahi genuena ondo islatu dute-eta.
Diskoa erosten duenak zer entzungo du?
Berriz ere, Potemkin doinua. Agian, pixka bat ilunagoa da, baina lehen diskoko kutsua mantenduz. Soinu aldetik trinkoagoa, gogorragoa da. Diskoak 12 abesti ditu, eta melodiak eta koruak eta bi gitarren arteko doinuak asko landu ditugu. Soinu hobea lortu dugu. Gure ustez, talde baten eboluzioan egin beharreko aurrerapausoak dira.
Diskoaren aurkezpena eguenean egingo dugu hedabideen aurrean.
Letrak zeri buruzkoak dira?
Gai ezberdinak daude: hala nola, parrandak, striptease-a, eta emakumeen kontrako indarkeria (Ehiztari ehizatua). Gauaren zaindariak kantuan gure inguruan ikusten ditugun arazoetatik aldentzeko musika erabiltzen dugula kontatzen dugu. 12 abesti daude diskoan: bi (Mugak apurtzera eta Esnatzean) Gorka Lazkanok idatzi ditu eta beste bat (Mila begirada) Golpe de Estado taldeko Txirlik. Gainerakoak guk idatzi ditugu.
Diskoa auto-ekoizpena da. Zergatik egin duzue aukera hori, borondatez ala derrigortuta?
Diskoetxeak lehen gehiago arriskatzen ziren. Orain, zailagoa da. Borondatez edo derrigortuta egin dugun erantzutea ez da erraza. Jakinaren gainean geunden ez zela erraza izango, eta ez gara diskoetxetara joan.
Denbora luzea pasa da azken diskoa egin zenutenetik. Zertan eman duzue denbora?
Azken diskoa 2005ean grabatu genuen eta ordutik gauza asko pasatu dira. Joxe Mari eta Iker Latzenekin bueltatu ziren agur-bira egiteko. Ordurako bagenekien Joxe Marik ez zuela taldean segituko; pentsatu genuen baxu-jotzaile berria behar genuela.
Taldean aldaketak izan dituzue, hortaz.
Joxe Mariren ordez Los Cretinos taldean ibilitako Alexis Alonso sartu zen. Gainera, taldeak indar handiagoa har zezan, beste gitarra-jotzaile bat behar genuela adostu genuen, eta Mikel Fernandez hartu genuen.
Musikan zerbait aldatu da?
Alexis eta Mikel sartu ostean bide berria hasi dugu, baina orain arte izan dugun kutsua mantenduz. Abestien tempoa aldatu dugu. Orain, geldoagoak dira abestiak, baina intentsitate handiagokoak. Ahotsekin erregistro ezberdinak landu ditugu eta emaitza ona dela uste dugu.
Nolakoak zarete zuzenekoetan?
Bortitzak. Energiaz beteta igotzen gara oholtzara. Ondo pasatzen dugu eta entzuleei horixe transmititzen diegu.
Kontzerturik lotu duzue?
Hilaren 30ean, zapatuan, Zornotzako Idaba aretoan joko dugu. Baina aurreragoko kontzertuak www.potemkinrock.blogspot.com edo www.myspace.com/potemkinrock webguneetan jarriko ditugu. Era berean, argazkiak eta hiru kantu jaits daitezke.
Oraingoz, Aker tabernan eros daiteke diskoa, baina laster beste toki batzuetan ere jarriko dugu salgai.
Hard rocka eta gitarra distiratsuak
Hartzen moduan hibernatu ostean, Oñatiko talde indartsua bueltan dator; bazen ordua! Joxe Mari baxu-jotzailea Los Cretinos-en ibilitako Alexisek ordezkatu du; eta bigarren gitarra bat (Mikel Fernandez) batu da taldera.
Hala, emaitza lehen baino gitarreroagoa da, eta, zalantza barik, hard rockeroagoa. Kantu bizienetan punteatze ugari sartu dituzte, eta The Cult, Hellacopters zein Gluecifer ekarri dizkidate gogora. Baina melodia barra-barra dago eta baita giro ilun zein sa-bbatheroagoak ere.
Potemkin - Infernuan
2010/01/25 18:13:03.354 GMT+1
Potemkin oñatiarrek disko berria aurkeztuko dute
Nork: Maider Arregi.2010/01/25 18:13:03.354 GMT+1
Etiketak:
potemkin
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)


Idatzi artikulu bat