2006/12/18 17:54:27.059 GMT+1
Proposamen klasikoak ausartenen aurrean
Danbakako azken etapa izan zen egubakoitzekoa. Rocka izan zen nagusi azken txanpan, eta gaua ixteaz aurtengo edizioko partaiderik ausartenak arduratu ziren. Hurrengo hitzordua urtarrilaren 12an izango da, Aby-Kem, Malenkonia eta Belceblues taldeekin. Egubakoitzean bertan erabaki zuen epaimahaiak finalerako hirukotea.
Inalectrik atera zen lehena Espaloiko eszenatokira. Gitarra akustikoaz lagunduta, lasai antzean ireki zuen gaua aretxabaletarrak. Sarrera akustikoa egin eta gero gehitu zitzaizkion laguntzera joandako baxu eta bateria jotzaileak. Rock abesti ondo konposatu eta jantziak aurkeztu zituen Inalectrikek eta errepertorioan aurrera egin ahala gorputza hartu zuen poliki-poliki hark eskainitakoak.
Patxada osoz hasieratik agertu zirenak Little, Little Muchekoak izan ziren. Hondartzarako aulkietan jarrita agertu ziren ikusleen aurrean. Txantxak alde batera utzita, baina, taldearen ikurra oholtza gaineko freskotasuna izan zen. Tamalez, antza entsegurako aukera gutxi izan du taldeak eta, gainera, abeslaria gaixorik zegoen; gitarra-jotzaileak abestu zuen. Hirukoteak, hala ere, ez zuen txarto egin egubakoitzekoa.
Neurri handi baten, The 5 Twisters arrasatearrek eman zioten erritmoa gauari. Talde trinkoa eta teknikoki fina da.
Eta amaitzeko Anal Bag. Euren saltsa elektropornogrindcore horrekin, ahosabai guztiendako egina ez dagoen proposamena ekarri zuten. Eurak saltsan gustura eta, antza, ikusleak ere ez ziren kexatu.
Finala hiru aste barru
Azaroaren 3koa izan zen izarren gaua, orduan jo zuten-eta hiru talde finalistek. Epaimahaiak adierazi duenez, aurten aurrekoan baino zailago izan dute hiru taldeak aukeratzea, "modu esanguratsuan inor nabarmendu ez delako", eta sei bat talderen artean ibili dira zalantzatan. Azkenean, aipatutako hiru taldeak aukeratu dituzte eta urtarrilaren 12an erakutsi beharko dute berriz zertarako gauza diren. Hiru taldeek 30 minutuko emanaldia egin beharko dute. Talde gonbidatua ere egongo da: Kerobia eta hainbat gonbidatu berezi egongo dira finalean eta egun horretan bertan jakinaraziko dute zein den txapelduna. Bakarlari onenaren saria norentzat izango den ere finalean argituko dute. Bakarlari onenak Azkena Rock jaialdirako bi lagunendako abonua eta bi hotel gau irabaziko ditu. Gainera, Danbakak hainbat kontzertu lotuko dizkio bakarlari irabazleari.
Nork: Jon Berezibar.2006/12/18 17:54:27.059 GMT+1
Etiketak:
danbaka2
inalectric
5twisters
kronikak
little-little-much
anal-bag
danbaka
kontzertuak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Idatzi artikulu bat