
Igor bakarlariak ireki zuen gaua. Letra etzanean doa bakarlariaren kontua, ia gainontzeko taldeetako kideak batuta baino musikari gehiago igo zituen-eta Aretxabaletakoak. Haize, gitarra, baxu eta bateriarekin, maila oneko musikariz inguratu zen Igor, baina oraindik ere entsegu orduak falta zitzaizkiela eman zuen. Hala ere, moldatzea lortu eta gabeziak ikusleekin izandako konplizitatearekin konpondu zituen Igorrek. Lagun koadrila polita igo zen Elgetara Aretxabaletatik.
Arazo teknikoak
Gero, Mahaster Riverrekoek taldearen maila bikaina egiaztatu besterik ez zuten egin, nahiz eta kontzertu erdian hautsitako gitarraren soka batek pil-pilean zegoena zertxobait hoztu zuen. Eragozpenak gaindituta, bergararrek estilo eta gustu on erakustaldi aparta egin zuten. Oso kontuan hartzekoak. Gauari, hala ere, erritmo falta nabari zitzaion, eta hori konpontzeaz Los Cretinosekoak arduratu ziren. Eskertzekoa izan zen Barbak baterian erakutsitako tinkotasuna. Zuzeneko zuhurra izan zen, baina eraginkorra.

Gaua ixteaz, berriz, Yotox bergararra arduratu zen. Arazo teknikoak orduan ere hasieran eta motorrak berotzen denbora dezente egin zuten. Hala ere, behin martxan jarrita oso itxura ona hartu zuen emanaldiak. Eszenaratzeari dagokionez ere proposamenik berritzaileenetakoa izan zen. Irudi proiekzioek ere asko lagundu zuten, eta arriskuak hartzen jakitea beti da interesgarria. Gauari amaiera polita eman zioten Yotox eta gitarra jole maskaradunak.
Fitxa teknikoa
• Giroa
Ia 400 lagun igo ziren egubakoitzean Elgetako Espaloia Kafe Antzokira. Kontzerturik jendetsuenetakoa izan zen eta bukaerarako askok kale egin bazuten ere, giro polita egon zen. Jende kopuru ona dabil erakartzen aurtengo Danbaka, eta zuzenekoetan nabaria izaten da hori. Lagun eta familiakoek ez dute hutsik egiten hitzorduetara.
• Argia eta soinua
40.000 watt argitan eta 8.000 soinuan.
Erantzunak
Nork: anton.2006/11/20 16:16:16.161 GMT+1