Danbaka.com

albisteak mp3ak bideoak Goiena

2006/10/23 15:28:56.395 GMT+2

Taldeen gaineko iritziak

Azkaiter Pelox

Azkaiter Pelox

Adituak esana /
Arkaitz Bian, musikaria

"Oso entretenigarria izan da ze oso tipo komunikatiboa da, artista bat da. Eskarmentua duela agerikoa da, urte asko ibili da makina bat proiektutan eta oso ondo daki komunikatzen".

Ikusleek esana / Unai Arbisu
"Ez naiz bakarlari zalea baina esan behar dut Azkaiter Peloxen ikuskizuna asko gustatu zaidala. Eszenatokian egoteko era, ikusleekin komunikazioa, jarrera freskoa zeukala irudi zait eta gustatu egin zait. Eszenatokian bera bakarrik egoteko ondo moldatu da bere burua defenditzen".

Kazetariak esana / Jon Berezibar
"Ikuskizun ona izan da bergararrarena. Eszenatokian egoten daki eta horrek mesede handia egiten dio. Berak bakarrik, eszenatokia eta inguruak betetzen jakin du eta hori ez da gutxi".

Musikariak berak esana

"Gustatzen zait neu bakarrik ikusleen aurrean jartzea eta alde horretatik ez daukat inongo arazorik. Gustura nago egindakoarekin, ondo egon dela uste dut. Gaur ileordeak eta piurak alde batera utzita dotore etorri naiz, ezkontza baterako arropa eta guzti. Oso gustura egon naiz, betiko moduan".

Drakes /Oñati

Drakes

Adituak esana / Arkaitz Biain, musikaria

"Talde oso bizia iruditu zait. Oholtza gainean indartsu eta sinisgarri ikusi ditut, oso ondo pasatzen. Zer edo zer azpimarratzekotan esango nuke bizia izan dela kontzertua eta eurei ere oso gustura ikusten zitzaien".

Ikusleek esana / Unai Arbisu
"Asko gustatu zaizkit hauek, erritmoa, gogoa eta giro ona ipini dute. Betiko punk-rock da eurena eta nik gogoko dut musika hori. Zentzu horretan ondo egon direla iruditzen zait. Eurei ere gustura ikusten zitzaien".

Kazetariak esana / Jon Berezibar
"Freskotasuna eta bizitasuna eman diote jaialdiari; kontzertu zuzena eta azkarra izan zen oñatiarrena. Originaltasunarengatik ez dira azpimarragarri baina erakutsitako freskotasuna eta gogoa nahikoak izan dira euren abestiak defendatzeko. Ondo pasatu zuten eurak eta baita ikusleek ere".

Taldekideek esana
"Oso gustura egon gara, ederto pasatu dugu. Lagunak lehen ilaran izan ditugu animatzen eta horrek piztu egin gaitu. Giro polita egon da, soinua ere ondo eta esperientzia bikaina izan da".

Klakson/Antzuola-Zumarraga


Klakson

Adituak esana / Arkaitz Biain, musikaria

"Ondo egonda. Estilo klasikoa lantzen dute baina azkenaldian Euskal Herrian gutxi entzundakoa. The Doorsen ukituak, teklatuak... proposamen polita da. Diferentea izan da aurkeztu dutena".

Ikusleek esana / Unai Arbisu

"Ez nago oso ohitua mota horretako musika entzutera baina gustura egon naiz, polita iruditu zait eta oso entzungarria, gainera. Guztietatik ezagutzen ez nuen talde bakarra izan da baina entzuteko moduko kontzertua egin dutela iruditzen zait".

Kazetariak esana / Jon Berezibar

"Abestirik abesti hazten joan da taldea eta poliki-poliki berotzen joan dira. Teklatuarekin eta abeslaria hara eta hona ibilita, psikodelia puntu bat eta guzti izan dute Klaksonekoek eta hemen inguruan ez gaude proposamen hain koloretsuetara ohituak. Alde horretatik ondo".

Taldekideek esana
"Motza eta guzti egin zaigu. Ez ditugu oraindik zuzeneko larregi eman eta oso zorrotzak gara gure buruekin eta gauzak ondo egin gura ditugu. Oso inpresio onarekin amaitu dugu gaurkoa, gustura ibili gara".

Ozen /Arrasate

Ozen
Adituak esana /  Arkaitz Biain, musikaria

"Bi urtetik hona izandako garapena argia izan da, oholtza gainean asko hobetu dute, baita teknikoki ere, oso onak direla esango nuke. Abesti berriei dagokienez, konposaketa berriek erakargarritasun gehiago daukate, landuagoak dira. Soinua izan dute aurka, oso txarra izan da eta. Eurak oso ondo ikusi ditut".

Ikusleek esana / Unai Arbisu
"Taldea ezagutzen nuen aurretik eta abesti berriak ere gustatu zaizkit. Olatz teklatuetan ere asko gustatu zait, irabazi egin dutela uste dut".

Kazetariak esana / Jon Berezibar

"Tinko hasi eta tinko bukatu zuten arrasatearrek jaialdia. Oso ondo jo zuten eta abesti berriak gehiago mamitu dituztela ikusi zen. Fitxaje berriak, Olatz teklatuak, kolorea eman dio Ozenen musikari eta gainontzeko taldekideak ere fin. Behar moduko emanaldia izan zen, neurrikoa".

Taldekideek esana
"Ahal genuen guztia eman dugu eta ondo joan dela uste dut, ez gara geratu behintzat guztia ez emanaren damuaz. Oso gogotsu ibili gara, eszenatokia jatera joan gara, horrela behar du eta!".

Nork: Jon Berezibar.2006/10/23 15:28:56.395 GMT+2
Etiketak: danbaka2 taldeak iritziak kronikak argazkiak danbaka kontzertuak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Oso ondo egon da danbakako lehen kontzertua, baina botazioak ez daude ondo, hau da kontzertuan botatutako boto batek, internetez emandako batek berdin balio du, hau ez dago ondo.20.taldea aukeratzean ikusi zen, irabazlea, ordenagailu aurrean email faltxuak inbentatzen denbora gehien pasa zuenak irabazi zuen eta.

Nork: aitor.2006/10/24 17:05:18.746 GMT+2

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi irudiko hizkiak hurrengo kutxan. Captchas.net-i esker



Bisitak blog guztietan: