Hauxe da blogera egiten dudan lehenengo sarrera. Orain arte, egia esan, asmatu ezinik ibili naiz, eta egia esaten badizuet, hainbat gauza direla bide, ahaztu samartuta ere eduki dut. Dena dela berau idazten dut jakin dezazuen aurki hasiko naizela edukiak sartzen, kantuen bertsio gordinak mp3an, zuek ikusteko nolako bidea egin duten kantu batzuek. Gainera, hurrengo diskoa nola osatzen den ere jarraitu ahal izango duzue blog honetatik, kantuak nola moldatzen diren edo diseinurako, izenbururako eta abarrerako dauden ideiak ere hemen agertuko dira. Dena den, hau dena abuztuaren ostean. Izan ere orduan hasiko baikara diskorako abestiak bandarekin atontzen. Blog honetan, bestaldetik, kontzertu, elkarrizketa, eta abarren berri ere emango dut. Tarteka zer ari naizen jakin nahi baduzue, nahikoa duzue hona hurbiltzearekin. Ondo izan.
Honen azpian dauden mp3 biak, blog honetan maiz egingo dugunaren adibidea dira, hots, kantu bat nola atera zen diskoan, baina nolakoa zen aurretik erabili genuen bertsioa. Honetan aldaketa agian ez da oso nabarmena, baina konturatzen bazarete (erritmo-kutxa monotono eta bizigabeaz aparte) badago teklatu bat, oso atmosferikoa, errekurrentea, azkenean sartu ez genuena. Orain berriz entzunda, pena izan zela uste dut.
Izenburu esanguratsu bat disko batentzat. Hegazkinen arima
lan argitsua da, luzidoa, bere barnean talentu handia ezkutatzen duen
diskoa duzu esku artean. Metafora gisa azaldu daitekeen izenburu honek
rockaren bidera bueltatzen du Txuma Murugarren.
kantuak
1. l´homme
2. desintoxikazioa
3. behin-behineko bizitza
4. laurogeiko hamarkada
5. atzerriko neska
6. l´être
7. biharko eguna
8. mapetako aberria
9. la maladie
10.bizitza toki ederra da
11.lantu luzea
Sasoi Ilunak taldearekin hiru disko kaleratu ondoren bakarka argitaratzen duen bigarren lanak Hegazkinen arima
izenburua darama. Oraingoan kantautore etiketa alde batera utzita rock
abeslariaren paperean bete betean agertzen zaigu. Horretarako disko
sakon eta anitzak egin ditu goi mailako musikarien laguntzaz. Kantu
leunak, rock gordina, pop eta intimismoa aurki ditzakegu bere
kantutegian . Nere anaiaren kotxeko argiak da bere
azken diskoa eta bertan heldutasuna eta kantu ederrak egiten maisua
dela erakusten digu. Zuzenean formatu akustiko eta elektrikoan aritzen
da.